MARRAZIOAK IX

Irailaren 15ean bukatu ziren MarraziOak IX Topaketak

Aste betez 11 ilustratzaile egon dira Donostiako Komikigunean Galtzagorri Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaritzaren babesarekin antolatutako Jardunaldi hauetan parte hartzen. Goiz eta arratsaldez aritu dira bertan lanean. Haur txiki-txikientzako liburuak erakusteaz gain, horiek sortzeko estrategiak azaldu dizkiete parte hartzaileei Gustavo Puerta eta Elena Odriozola irakasleek. Beraz, genero horretan sakontzeaz gain, bakoitzak bere liburuaren proiektua abiatu du.

Jarrain duzue topaketa hauen bideo bat.






“Kosk egiteko, botatzeko, lardaskatzeko eta are irakurriak izateko moduko liburuak” egiteko tailerra

MarraziOaK tailerraren ekitaldi berri honetan, haur txikientzako liburuez arituko gara. Bere konplexutasunagatik, zabaltzen dituen esperimentatzeko aukerengatik eta dakartzan komunikazio eskakizunengatik Haur Literaturaren baitan nabarmentzen den alorren bat baldin bada, hau, ezbairik gabe, haur txikientzako liburuena da.

Hala ere, txikienentzako liburuak sortzearen erronka, sarritan, “material” mota honekiko dagoen gutxiespenerako joera nagusiak ezkutatua geratzen da. Ez dute liburu-albumek izaten duten ospe estetikoa, literaturatik baino jostailuetatik gertuago dagoen merkantziatzat hartzen dira, liburu dendetako apalategietatik baino saltoki handietako erakusmahaietatik gertuago dagoena. Are gehiago, ez dira irakurgaitzat ere hartzen, haur txikiek irakurtzen dute ala?

Aurreitzi hori oso errotua dago. Nagusi den eskaintza kaskarrak, gainera, ez du batere laguntzen: izan ere gaur egun argitaratzen diren haur txikientzako liburuak txepelkeria, gustu txarra eta ergelkeriagatik nabarmentzen dira.

Baina, posible al da haur txikientzako beste era bateko liburuak sortzea?
Balio dakiguke hain suspergarri eta zorrotza den genero honek espresio-bide gisa?
Zertarako egin liburuak oraindik irakurtzen ez dakitenentzat?

Galdera hauek eraman gaituzte tailer hau prestatu eta eskaintzera.



Helburuak

Orokorrean, helburu hauek gauzatzen dituzte urtero Topaketetan eskaintzen ditugun formazio egitarauek:

1-Ilustratzaileek lanerako baliagarria duten formazioa eskuratzea: ilustraziorako teknika ezberdinetan, pertsonaien errepresentazio moduetan, egitura eta genero anitzetan (album mutuak, autoedizioa, ilusionismoa, aldareen narrazio egiturak, animazioa, mapak, laminak, haur txikientzako liburuak …).

2-Lan dinamika aberasgarri bat eskaintzea: ilustratzaileei elkarrekin egoteko eta lan egiteko gunea, denbora eta egitaraua bideratuz, euren ideiak eta proiektuak elkar trukatu ditzaten.

3-Genero, teknika, gai eta egitura berriekin esperimentatzea. Arriskatzeko, bide berriak arakatzeko aukera eskaintzen die. Argitaletxeen eta mundu komertzialaren parametroetatik harago joanez.

4-Sormenaren sustapena: ilustrazioaren eta gure ilustratzaileen “harrobiaren” akuilu ere izan nahi du. Parte hartzaileek aitortzen dutenez, ideia berriak eskuratzen dituzte formazio saio hauetan.

5-Euskaraz eta Euskal Herrian ilustratzaileentzako formazio egitarau bat eta bakarra eskaintzea, mundu honetan adituak direnen eskutik.




MarraziOak IX: Programa
9. edizioan haur txikientzako liburuen tailer bat egitea proposatu dugu, jakitun baikara genero hau gure artean ia ezezaguna dela eta oso gutxi garatu dela.

Tailerraren baitan, aipatu lan ildoa hiru norabide hauetan gauzatuko da:

1.       Liburuaren azterketa euskarri material gisa.
2.       Oraindik hizkuntzaz jabetzen ari diren haurrekin komunikatzeak ze exijentzia maila dakarren.
3.       Sortzailearen espresio-beharrak.


Egun bakoitzean azalpen teoriko batzuk eskainiko dira. Azalpen horien baitan liburuak eta material grafikoa erakutsiko dira: batetik, argitalpen hauek nola funtzionatzen duten aztertzeko aukera emango dietenak ikasleei, eta, bestetik, ilustratzaileentzako inspirazio iturri gisa balioko dutenak.

Psikologia ebolutiboaren eta pedagogiaren inguruko sarrerako irakurraldi batzuk ere egingo dituzte irakasleek.

Ikastaroaren baitan egiten den ekimen bakoitzean eskuratutako ezagupenak hurrengo ariketarako abiapuntu bihurtuko dira.

Ikastaroa bukatzean, parte-hartzaile bakoitzak nahikoa material izango du bere kabuz proiektuak garatu ahal izateko.




Iraupena
5 egunez, 7 ordutako saioak Komikigunean. Guztira, 35 orduko tailer praktikoa.


Parte-hartzaileak:
12 ilustratzaileei formazio-beka bana emango zaie; alegia tailerrean doan parte-hartzeko aukera.
Parte-hartzaileei ez dute zertan lan argitaraturik izan behar.



Datak:
2017ko irailaren 11tik 15era.


Irakasleak
 Elena Odriozola. Donostian jaio zen 1967an. Publizitatearen munduan lan egin ostean, Haur Literaturan liburuak ilustratzen hasi zen. Ordutik berak ilustratutako 100dik gora liburu argitaratu ditu, Hizkuntza askotara itzuliak izan direnak.
Nazioartean ezagunenetarikoa den euskal ilustratzailea da Odriozola, bere obra oparoa eta nazioartean nahiz Espainian eskuratu dituen sari eta aitortzak ikusirik.
Kultura Ministerioak Ilustrazio Hoberenaren bigarren saria eman zion 2006an, La princesa que bostezaba a todas horas (Aharrausi printzesa) lanagatik eta Ilustrazioaren Euskadi Saria jaso du birritan (2009an El aplastamiento de las gotas-ekin eta 2013an Tropecista (Tropezista)-rekin); 2015ean bere urtea izan zen, Espainiako Sari Nazionala irabazi eta Bratislavako Ilustrazio Biurtekoaren Urrezko Sagarra jaso baitzituen. Azken hau Frankenstein (Nórdica) lanagatik. 2018ko Andersen Sarietarako Espainiako hautagai izendatua izan da, berriki.


Gustavo Puerta. Caracasen jaio zen 1975ean eta egun Madrilen bizi da. Filosofian lizentziatua, irakaslea, literatur kritikaria… hamaika esparru landu ditu. Bereziki ikertu eta landu du liburu-albumaren generoa. Berriki desagertu den Educación y Bibliotecas aldizkariko zuzendaria zen. Gaur egun “Escuela Peripatética de Literatura Infantil” bloga eta “¡La Leche!” haurrentzako literatur aldizkaria gidatzen ditu. Haur Literaturaren eta albumaren inguruan formazio saioak ematen ditu mundu guztian zehar.

No hay comentarios:

Publicar un comentario