MARRAZ(I)OAK VIII



Marraz(i)Oak VIII. edizioaren lehen emaitzak ikusi ditugu

Artearen historiak emakumeaz egin duen errepresentazioa aztertu eta arakatu nahian harrapatu ditugu gaur ere Marraz(i)Oak-eko parte-hartzaileak. Irakasleek hainbat liburu eta album ipini dizkiete ilustratzaileei mahai gainean honen inguruko hausnarketa bideratzeko.

Besteak beste, Mariluz Estebanen "Amaren heriotzak libreago egin ninduen" lanak zeresana sortu du. Euskadi Irratiko Nekane Peñagarikano Komikigunean zen eta bolondres aurkeztu du bere burua liburu honetako pasartea irakurtzeko. Eta ondoren,  norbera aske bizitzeko "ama hiltzearen beharraz", "zenbait amek seme-alabenganako erakusten duten neurrigabeko protekzionismoaz" eta abar jardun dira ilustratzaileak hizketan.



Hausnarketa teoriko hauetaz gain, zenbait lan eginak dituzte dagoeneko. Ilustratzaile bakoitzari banatu zieten iraskaleek lehen egunean kartila edo liburuxka desplegable bana. Horietako bakoitzaren azala egin du  ilustratzaile bakoitzak. Norberak bere errauskine ilustratu du. Ondoren, esku batzuetatik bestera pasatzen dira liburuxka hauek eta beraz, "liburuxka desplegable" horietako bakoitzean Marraz(i)Oak VIII-n parte hartzen ari diren hamabi ilustratzaileen ilustrazioak ageri dira. 






Gaur goizean hasi dira Marraz(i)Oak VIII. Topaketak




Lanean hasi dira dagoeneko Ignasi Blanch eta Harkaitz Canoren gidaritzapean Marraz(i)Oak VIII. ediziorako hautatuak izan diren 12 ilustratzaileak.  


Errauskineren inguruko hainbat liburu mahai gainean zituztela, lehenengo ariketa burutzeari ekin diote ilustratzaileek. Norbere errauskine sortzen hasteko agindu diete irakasleek, zintzotasunez egiteko eskatuz, ondo pasatzeko aholkatuz... Eta horretantxe hasi dira.












...ETA ERRAUSKINE BERE ERRAUTSETATIK BERPIZTU ZEN
Ilustrazio tailerra
Harkaitz Cano eta Ignasi Blanch



ZER:

Marraz(i)Oak-en ekitaldi berri honetan, historian zehar arteak egin duen emakumearen errepresentazioa hartuko dugu irteera puntutzat, XX. mendeko ikonografiari arreta berezia ipiniz eta ikasleekin elkarlanean berrinterpretazio bat proposatuz, bai eta, zergatik ez, berrasmatze bat ere, begiratu kritiko, zintzo eta aurrejuzkurik gabea.

Ikastaroa, surrealisten begiradarekin abiatuko genuke –ia denak gizonezkoak–, etengabe jolasten baitzuten euren lanean emakumearen balizko inozentziarekin eta perbertsitatearekin, ikuspegi heterosexual bati lotutako objektuaren desio bilakatzen zutelarik orobat. Hortik aurrera, ordea, eredu hauek eremu masiboagoetan izan duten garapena aztertuko dugu (Disney faktoria kasu).

Tarte berezia eskainiko zaio, halaber, 70.eko hamarkada amaierako “lowbrow” mugimenduari –90etan surrealismo popa eragingo zuena–, bai eta gaur egun indarrean dabiltzan emakumezko performerren lanari ere. Ez baita ahaztu behar liburu ilustratuen alorrean emakumeak direla geure inguruan aktiboenak.


IRAKASLEAK:

Ignasi Blanch
Harkaitz Cano



METODOLOGIA:

2016ko Marraz(i)Oak-en gai nagusiari loturiko ariketa praktikoak azalpen teorikoekin tartekatuko dira. Eta horrez gain, film eta irudiak ere erakutsiko dira.
Ikasleek formazio saioetan azalduko diren gaiei loturiko erantzun grafiko berehalakoak proposatu beharko dituzte. Irudigintzaz gain, eremu narratiboa ere landuko da.
Aurtengo edizioaren helburua parte-hartzaileek estereotipoen kontzientzia hartu eta horiei aurre egitea da. Norberaren ilustrazioetan emakumea errepresentatzeko aukera berriak landu eta bakoitzaren biografiak eta bizitza esperientziak baldintzaturiko estereotipo pertsonalez kontziente izatea lortu nahi da.

NORENTZAT:

Gehienez 12 irudigilek parte hartuko dute.

Parte hartzeko baldintza orokorrak: 
  • Parte hartzaileek Euskal Herrikoak izan behar dute.
  • Galtzagorri Elkarteko bazkide izatea baloratuko da.
  • Euskadiko Ilustratzaileen Elkarteko bazkide izatea ere kontuan izango da.
  • Parte hartzaileek ez dute zertan lan argitaraturik izan behar.
 
ESKAINTZA:

Topaketa hauetan formazioa doan eskainiko zaie epai-mahaiak aukeratzen dituen 12 lagunei. 5 egunez, 8 ordutako saioak eskainiko dira. Guztira, 40 orduko tailer praktikoa litzateke.

Beraz, beka bana izango dute tailer honen formazioa jaso eta bertan sortuko diren lanak bideratu eta bistaratzeko.


NOIZ ETA NON: irailaren 26tik 30era, egun osoz, Komikigunean

Goizeko 9:00etatik 14:00etara (ordu erdiko atsedenarekin).
Arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara.

Asistentzia derrigorrezkoa da: parte hartzaileek tailerraren saio guztietara etortzeko gai izan eta horretarako konpromisoa hartu behar dute.

Komikigunea
Errege-Erregina Katolikoen Kalea, 16. (Hiriaren erdigunean)
20006 Donostia


IZEN EMATEA:

Ilustratzaile bakoitzak bere 5 ilustrazio bidali beharko ditu: argitaratuak edo ez, bere ustetan bere lana hobekien jaso edo biltzen duten 5 irudiak.

Horrez gain, honako dokumentazioa igorri beharko dute:
-          Curriculuma
-          NANaren kopia bat
-          Posta elektronikoaren helbidea
-          Telefono zenbakia
Dokumentazioaren hiruna kopia bidali beharko dituzte CD formatuan helbide honetara:
Galtzagorri Elkartera:
Zemoria kalea, 25, behea.
20.013 Donostia

EPEAK:

Eskaerak aurkezteko azken eguna: 2016ko uztailaren 8a izango da.

Aukeratutakoei 2016ko irailaren 6rako erantzungo zaie.


ANTOLATZAILEAK:
Galtzagorri Elkartea
Komikigunea
Gipuzkoako Foru Aldundia


INFORMAZIOA ETA ARGIBIDEAK:

943471487
galtzagorri@galtzagorri.eus

No hay comentarios:

Publicar un comentario