MARRAZ(I)OAK VII

Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzak babestuta, 7. aldiz antolatuko ditu aurten Marraz(i)Oak topaketak. Gustavo Puerta literatura eta arte adituak eta Elena Odriozola ilustratzaileak gidatuko dituzte jardunaldiak, "Gauzen lezioak" lelopean. Urriaren 19tik 23ra, bost egunez, Donostiako Komikigunean egingo dira topaketa hauek. Parte hartu nahi dutenek, uztailaren 17a baino lehen bidali beharko dute eskatutako lana Galtzagorri Elkartera.
Hemen oinarriak
"Gauzen lezioak"
Joan den mendean “Gauzen Lezioak” izenburua zuten dibulgaziozko argitalpen ugari argitaratu ziren. Irakurlearen jakin-mina, ezagueraren gertutasuna eta gauzak ulertzearen plazera bultzatzen zuten dibertimenduzko obrak ziren “Gauzen Lezioak”. Gertuko hizkera, egitura xumea, ilustrazio deskribatzaileak eta hurbilekoak eta egunerokoak bezain erakargarriak diren era guztietako gaiak zituzten oinarri argitalpen hauek.
Beraz, Marraz(i)Oak VII-n formatu eta genero grafiko zaharrak berreskuratuko ditugu. Gauza arruntek piztu dezaketen lilura sentsaziotik sortzen den ilustrazioa berrekuratzeko asmoa dugu. Gure azken helburua ezagumena eta jakiteko gogoa piztea da.
Hala, Marraz(i)Oak-en, aurten, jakituriaren zuhaitzak, mapak, eskolako laminak, panoramikak… egin ahal izango dituzte izena eman eta aukeratuak diren ilustratzaileek.
Horretarako, tailerrak iraungo dituen 5 egunetan zehar ilustratzaileek kalera atera beharko dute: irudikatu eta ulertu nahi duten errealitatearekin aurrez aurre topo egitea eskatuko baitiete Puertak eta Odriozolak. Ondorioz, nola dendak zein azokak, hala parkeak zein museoak, gune publiko zein pribatuak bisitatuko dituzte.
Gainera aurten, hiriaren erdigunera doa Marraz(i)Oak: Artelekurekin izandako lankidetza urte oparoak bukatu ondoren, Komikigunean (Errege-Erregina Katolikoen Kalea, 16) burutuko dira aurten Marraz(i)Oak jardunaldiak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker.
Parte hartzeko baldintzak
Guztira 12 irudigilek izango dute Marraz(i)Oak-eko 35 formazio orduak jasotzeko aukera. Parte hartu nahi duten irudigileek dokumentazio arruntez gain (ikus atxikitako deialdia), irakasleek eskatutako ariketa zehatza (objektu baten lamina, DINA3 batean) ere bidali beharko dute uztailaren 17rako.
Euskal Herriko irudigileek har dezakete parte tailerrean, baina, aurten ez dute lanik argitaratua izan behar Marraz(i)Oak-en parte hartu ahal izateko.
Jasotako hautagaitzak baloratu ondoren, irailaren bigarren astean erantzungo zaie parte hartuko duten irudigileei.

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada