2017/09/11

TXIKITAKO OROITZAPEN ETA OBJEKTUETATIK TIRAKA HASI DIRA LANEAN 11 ILUSTRATZAILEAK MARRAZiOAK-EN




Txikitako objektu bana aukeratu behar izan dute MarraziOak IX. Edizioan parte hartzen ari  diren hamaika ilustratzaileek. Objektu horretan oinarrituta egin du norberak bere buruaren aurkezpena aurtengo ilustratzaileen Topaketen lehenengo egunean. Gero, lanari ekin diote, Gustavo Puerta literatura eta arte adituaren eta Elena Odriozola ilustratzailearen gidaritzapean.

Lehenengo ariketa: txikitako eszena bat aukeratzeko eskatu diete irakasleek. Edo ume batek parte hartu dezakeen eszena bat. Eszena horretako akzioan ageri diren objektu guztiak irudikatu behar izan dituzte silueta bidez. Ondoren, hori “imaginario ilustratu” bihurtu behar dute, detaile gehiagorekin ilustratuz.

Haur txikientzako liburu baten proiektua garatzeko lehenengo irakasgaia lortzeko balioko du lehendabiziko ariketa honek. Lanean hasi besterik ez dira egin Olaia Martinez, Saioa Burutaran, Maite Gurrutxaga, Anaitz Igoa, Ibon Markaida, Ainara Altuna, Ainara Azpiazu (Axpi), Helena Azkarragaurizar, Izar Etxeberria, Yolanda Yubero eta Iñaki Martiarena (Mattin) ilustratzaileak. Gaurtik ostiralera arte, goiz eta arratsaldez (zenbaitek gauez ere egiten du lan ondoren etxean) haur txikientzako beste era bateko liburuak sortzeko erronkari aurre egingo diote ilustratzaile hauek Puerta eta Odriozolaren zuzendaritzapean.

2009an antolatu zituen lehenengo aldiz Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak MarraziOak Topaketak. Istorio bat ilustratzeko bide ezberdinak arakatzen dira 2009tik urtero antolatu diren Ilustrazio Topaketa hauetan.

Topaketa hauen helburu zehatzak, besteak beste, hauek dira:

.Ilustratzaileek lanerako baliagarria duten formazioa eskuratzea
.Lan dinamika aberasgarri bat eskaintzea: ilustratzaileei elkarrekin egoteko eta lan egiteko gunea, denbora eta egitaraua bideratuz, euren ideiak eta proiektuak elkar trukatu ditzaten
.Genero, teknika, gai eta egitura berriekin esperimentatzea
.Sormenaren sustapena: ilustrazioaren eta gure ilustratzaileen “harrobiaren” akuilu ere izan nahi dute

Edizioz edizio, helburu hauek betetzeko xedez, gai eta formatu ezberdinak landu dira, beti ere ilustrazioari eta album ilustratuari loturik. Hala nola, album mutuak, autoedizioa, ilusionismoa, aldareen narrazio egiturak, animazioa, mapak, laminak, emakumeen errepresentazioa… aurten, haur txikienentzako beste era bateko liburuak sortzeko bideak arakatuko dituzte. Zeregin honetarako hautatu dituzte Puertak eta Odriozolak lehen aipatutako 11 ilustratzaileak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario